Brontzezko A kudeaketa aurreratuari
Gertasport Kirol Klubak brontzezko A saria jaso du – Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria. Kudeaketa-jardueretan aurreratuen dauden eta interes-talde, bezero, langile, akziodun eta, oro har, gizarte osoaren asebetetze orekatua bilatzen duten erakundeei ematen zaie saria. Aitorpen hau abenduaren 11n eman da, 18:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Ekitaldira klubeko ordezkaritza zabala eta udal ordezkariak joan dira, besteak beste, Oskar Koka alkatearekin.
Gertasport Kirol Klub Iurretako (Bizkaia) eta, hedaduraz, Durangaldeko kirol-elkarte bat da, eta futbola kirol nagusi gisa erabiliz kirol-ikaskuntza hasi, hobetu eta bultzatu nahi du, kirol-maila edo generoa edozein dela ere inor baztertu gabe. Horrez gain, hainbat ohitura osasungarri eta hezkuntza-balio irakatzi nahi ditu.
Erakunde honek Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erabiltzen du bere kudeaketa-sistema ebaluatzeko eta hobetzeko erreferente gisa, eta sari hau jaso du EUSKALITeko Ebaluazio Klubeko kideek egindako kanpo-ebaluazioa jaso ondoren.
Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria
Kudeaketa Aurreratuak euskal erakundeen lehiakortasunerako funtsezko elementu gisa duen garrantzia sustatu eta zabaltzeko, Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria sortu da.
Eusko Jaurlaritzaren aintzatespen horiek kudeaketa-praktiketan garapen- edo aurrerapen-maila jakin bat erakusten duten enpresek, ikastetxeek, osasun-zentroek eta Euskadiko beste erakunde batzuek lortzen dituzte. EUSKALIT da aintzatespen horiek administratzeaz arduratzen den erakundea.
Bi helburu dituzte aintzatespen horiek:
- Kudeaketan aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, beste batzuentzat pizgarri eta erreferentzia izan daitezen.
- Publikoki aitortzea erakunde horiek egindako ahalegina eta lortu duten kudeaketaren aurrerapen maila.
Aintzatespen horiek jasotzeak erakunde batek bere kudeaketa-sistemaren garapen-maila jakin bat lortu izana aldez aurretik frogatzea dakar.
Klubetik sari hau partekatu eta eskertu nahi diegu gure kirol familia osatzen duten eta errekonozimendu hau lortzen lagundu duzuen pertsona eta erakunde guztiei. Ildo horretan lanean jarraitzea eta gure zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzea espero dugu.